AupaTu-ri buruz

Zer da Aupatu?
Zure bloga, zure weba, zure herri egunkaria, zure egunkari orokorra, zure albiste gustukoenak, zure telebista edo irrati katea, zure aldizkaria, zure lagunak etab. bultzatzeko, aupatzeko, modua da. Eduki interesgarrietarako estekak laburpen txiki batez lagunduta bidaltzeko aukera duzu, eta erabiltzaileek zuk igorritakoak portadan egotea merezi duen erabakiko dute. Gainera, bidalitako edukien inguruko iritzia plazaratzeko bilgunea da.

Zelan bidaliko dut eduki bat?
Lehenik eta behin erregistratu egin behar duzu (EiTBren bestelako gizarte tresnaren batean izena eman baduzu, nahikoa da). Erregistratzeko, lau datu bidali eta bi minututan berrespen mezu bat helduko zaizu. Gauzak bidaltzeko moduan zaude orduan.

Zelan aupatuko ditut albisteak?
Erregistratu gabe ere egin ahal duzu. “Aupatu berriena” atalera bazoaz, jendeak bidali dituen albisteak ikusiko dituzu, baina kontrako ordenan; hau da, bidali duten azkena agertzen den lehena izango da, bidalitako azkenaurrekoa bigarrena...

Portadako eta hurrengo orrietako albisteak ere aupa ditzakezu.

Boto guztiek balio bera dute?
Bada, hortxe dago koska. Erregistratutako erabiltzaile aktiboenek gero eta “karma” handiagoa lortzen dute denborarekin, istorioak bidaliz eta iruzkinak eginez. Horri esker, horien botoek balio handiagoa izaten dute. Bidezkoa ez dela? Ez dakigu, baina tresna hauetan erabili ohi den sistema da eta, gutxienez, ahalegin handiena egiten dutenen lana saritzen du.

Zelako istorioak bidali ahal ditut?
Interesgarriak iruditzen zaizkizun guztiak. Kirol, politika zein gizarte esparruetan gaurkotasuna duten albisteak, gertuagoko istorioak edo herri mailakoak; ikusiko duzu zelan bilakatzen diren “albiste handi”, erabiltzaileek horrela irizten badiote. Ez zaitez lotsatu.

Zer da herriei buruzko hori?
Egun ehunka edo milaka hedabidetan barreiatuta dagoen euskal herriei buruzko informazioak topagune bat izatea lortzeko ideia bat baino ez da. Horrela, egunkariek, aldizkariek, irratiek edota telebistek zure herri edo hiriari buruz argitaratzen dutena jakin eta horri buruzko iritzia eman ahal izango duzu.

Nire albisteek, zergatik ez dute botorik jasotzen eta, gainera, zergatik egiten didate aurka?
Zuk bidalitakoa jendeari gustatu ez bazaio eta kontra egiten badiote, ez haserretu. Badakigu ez dela atsegina, geuri ere gertatu zaigu, baina lasai hartu. Erabiltzaileak zenbat eta kritikoagoak izan, edukiek hainbat eta balio handiagoa izango dute. Eta zuk bidalitako edukiren bat portadan agertzen denean, zure poza handiagoa izango da.

Eta ez didate zentsurarik egingo?
Hemen, lehen orrian zer agertzen den erabiltzaileek erabakitzen dute, interesgarriak iruditzen zaizkien edukiei botoa emanez. Astakeriaren bat bidaltzen baduzu, erabiltzaileek eurek egingo dizute kontra eta onargarria ez den iruzkin bat bidaltzen baduzu ere eurek jakinaraziko dizute. Hortaz, mundu zabaleko troll eta spammer guztiok, utz gaitzazue bakean.

Zuen “konpetentziaren” albisteak aireratzen dituzue?
Web 2.0n ez dago “konpetentziarik”, lankidetza eta erlazioetarako aukerak baino. Hori da kontua. EiTBren albisteak irakurri, entzun eta ikusteaz gain, blog, egunkari, aldizkari, irrati eta telebista guztietarako estekak eskura izatea, haien hedapen esparrua zein den gorabehera.

Baina horrek trafiko handiagoa emango die!
Bada, primeran. Hain zuzen ere hori da helburua. Web 2.0 espiritua ezin hobeto uztartzen da EiTBren izaera publikoarekin. Egiten duguna denon onerako izan dadin saiatzen gara.

Zergatik egiten du EiTBk hau?
Egin behar genuela uste dugulako, eta are gehiago hedabide publikoa izanda. Jendeari bere edukiak bultzatzeko eta iritzia emateko tresna eman... eta jende horrek berorrek erabakitzea portadako albisteak zein izango diren.

Zer programa erabiltzen duzue?
Aupatu Pligg-en oinarrituta dago, Menéame-n eta Digg-en inspiratutako sistema bat. Dena den, ukituak eman dugu.

Nola bidali albisteak zure blogatik?
Bakarrik lotura bat jarri behar duzu adierazten den moduan:

Wordpress-rako:

<a href="http://www.aupatu.com/eu/submit.php?url=<?php the_permalink() ?>"><img src="http://www.aupatu.com/eu/icono.jpg" border="0" alt="Aupatu-ra bidali" title="Aupatu-ra bidali"></a>


b2evolution-rako:

<a href="http://www.aupatu.com/eu/submit.php?url=<?php $item->permalink() ?>"><img src="http://www.aupatu.com/eu/icono.jpg" border="0" alt="Aupatu-ra bidali" title="Aupatu-ra bidali"></a>



--